
Eskatutako ikerketa: Eraikinen zentzumen anitzetarako ebakuazioa.
Graratutako proiektua: Kode gorria. Eraikinen ebakuazio sistemak eta biziak salbatzeko ikuspegiak.
Daisalux Vitoria-Gasteizen sortu zen, 1988an. Enpresa ertaina da, eta haren jarduera honako hauek diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzea da: larrialdiko argiak, ekipo zentralizatuak, argi eramangarriak, baliza-sistemak, larrialdiko kitak, seinaleztapen-argiak… Guztira 98 profesionalek lan egiten dute enpresan, eta haietatik, 26 I+G+B unitatean daude.
Unitate horrek, hain zuzen, Suediako Malmö hiriko AESWAD artista-taldearekin jardun du lanean, eraikinen ebakuazio multisensorialaren kontzeptuaren inguruan.
Baterako lanaren prozesuaren hasieran, enpresak ustekabe handia hartu zuen, artisten ezagutza teknikoaren maila handia antzeman zuenean (haietako bat, David Cuartielles, arte elektronikotik dator, eta beste bat, Björn Wahlström, artearen adierazpen performatiboa industria-diseinuko prozesuetara eramateaz interesaturik dago. Erreferentzia gisa, ikus: www.arduino.cc , www.gohan.cc , www.aslongasthereislife.com).
Taldeko kideek kontzeptuak eta produktu berriak sortzeko prozesuetan bitartekari gisa jardun zuten, eta haren jardueraren bidez, berritzeko logika berrikustera gonbidatu zuren enpresa, “bizitzak salbatzeko” ideiari lotutako larrialdiaren oinarrizko kontzeptuan oinarrituta, hain zuzen. Nolabait ere, enpresaren negozio-eremua
gizatiarrago bihurtu duen gogoeta horrek gizarte-dimentsio berria eman dio enpresaren I+G+Baren dimentsioari.
Emaitza izan da, lehenik eta behin, enpresak azken 7 urteotan garatutako I+G+Baren berrikuspen orokorra egitea –zuzendari orokorraren arabera–. Hala, produktuetan eta teknologietan aplikatzeko ideia-katalogo bat sortu dute, produktuak berak aberasteko edo merkatu potentzialak eskuratzeko xedez. Horri esker, Daisaluxek datozen 5 urteetan lan egiteko I+G+Brako eremua izango du.
Bestalde, litekeena da sortutako ideien aplikazioak epe laburrean industria-patente berrietan gauzatzea. Nolanahi ere, esperientzia onuragarria izan da enpresarentzat, zalantzarik gabe, haren errealitateari beste modu batez begiratzeko aukera eman diolako.